Batel estropadak izan dira atzo eta gaur Pasaian. Atzo, larunbatarekin, Gipuzkoako Batel Ligen azken jardunaldia jokatu zuten. Berez 12 jardunaldi jokatu behar zituzten hilabeteotan, baina azkenean hamar egin dira. Orio AEk zazpi maila desberdinetan parte hartu du, 14 batel uretaratuz. Azkenean, sailkapen orokorretan, lau podium postu lortu dituzte etxeko estropalariek: urre eta zilar bana, eta bi brontze.
Hain zuzen ere, infantil mutilek lortu dute liga irabaztea. Bigarren izan dira kadete mutilak, eta bi hirugarren posturekin itxi dute denboraldia nesken kadete eta infantil taldeek.
Gipuzkoako txapelketan ere, garaile
Gaur goizean, atzo emaitza onenak lortu zituzten batelek Gipuzkoako txapelketa jokatu dute, Pasaian bertan. Orioko 5 ontzi izan dira gaurko jardunaldian, eta infantil mutilek atzoko garaipena errepikatzea lortu dute. Bi bandera irabazita, emaitza bikainekin itxi dute asteburua.
Beste ontziei dagokienez, brontzea lortu dute infantil mailako neskek, baita senior eta jubenil mutilek ere.
Gipuzkoako txapelketarako sailkatu ez arren, kadete mailako nesken ontziak Federazio Trofeoa jokatu du gaur toki berean, eta irabazle izan dira haien txandan.