Ibon Etxeberriaren hitzaldia eta 'En la calle' filmaren proiekzioa izango dira datorren astean

Iñigo Gaiton 2022ko api. 1a, 08:00

SOS arrazakeria taldeari laguntza emateko helburuarekin antolatu ziren bi ekimenak abenduan, baina koronabirusaren oldarraldiaren ondorioz atzeratu egin behar izan zituzten. Apirilaren 5 eta 7an egingo dira.

Migranteek bizi duten errealitatea hobeto ulertzeko aukera izango da datorren astean Orion, herritar talde batek antolatutako hitzaldiaren eta film proiekzioaren bidez. Azaldu dutenez, abenduan egin nahi zituzten bi ekimenak herrian SOS arrazakeria taldeari laguntzeko, eta arropa bilketa ere abiatu zuten xede berarekin. Izurritearen ondorioz bilketa egiteko aukera bakarrik izan zutenez, datorren asterako antolatu dituzte En la calle dokumentalaren emanaldia eta Ibon Etxeberria oriotarraren hitzaldia.

En la calle filma Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu zuten, eta SOS arrazakeria taldeak ekoitzia da Hiritarron Harrera Sarearekin batera. Asteartean emango dute kultur etxean, 19:00etatik aurrera, eta proiekzioaren ondoren tertulia egingo da Abdoulaye Sarrekin.

Ostegunerako, berriz, Itsasoa zeharkatzen mahai-ingurua antolatu dute. Ibon Etxeberria oriotarra Itsas Salbamenduko kidea da, eta Kanariar Uharteetan eta Mediterraneo itsasoan aritzen da lanean. Migranteei laguntza ematen bizi izan dituen esperientziak elkartrukatuko ditu herritarrekin kultur etxean, 19:00etatik aurrera.

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide