Espainiako Sofbol Ligako Ohorezko Mailako hirugarren jardunaldia jokatu dute asteburuan, eta Orioko neskak Katalunian izan dira, CBS Batzelonaren aurka indarrak neurtzen. 9-10 eta 2-11, jokatutako bi partidak irabazita itzuli dira etxera OBBko kirolariak; asteburu borobila izan dute, beraz.
Lehen partida gorabeheratsua izan zen. Oriotarrek bigarren sarreran lortu zuten lehen lasterketa, eta laugarrenera markagailua 7 eta 0 alde zutela iritsi ziren. Laugarren sarreran, ordea, bateatze onak egin zituzten etxekoek, eta markagailuari buelta eman eta 9 eta 7 aurretik jartzea lortu zuten. Baina bosgarren sarreran, OBBkoek ez zuten barkatu: Bartzelonakoek baino hiru lasterketa gehiago erdietsi zituzten, eta partida irabazi zuten.
Bigarren partidan, aldiz, OBB nagusi izan zen hasieratik; Raquel Ibañez izan zen bateatzaile onena, eta guztira hiru lasterketa lortu zituen. Gainera, bigarren neurketa horretan, Igone Etxeberria jaurtitzailearen lekura itzuli zen, hortik urrunduta izan duen lesioa gaindituta, eta bera izan zen topaketako jaurtitzailerik onena.
Nabarmentzekoa, Raquel Ibañezek eta Sara Loidik erasoan egindako lana, launa hit lortu baitzituzten.
Bartzelonan lortutako bi garaipen horiekin, oriotarrak sailkapeneko bigarren postuan dira egun. Datorren asteburuan horri eustea izango dute helburua CBS Cambreren aurka Mendibeltzen jokatuko dituzten partidetan.