Igandean, balea agertu zen Senpereko aintziratik gertu. Eguerdian hasita, Senpereko Larraldea baserrian 2022ko Hatsaren Poesia eguna ospatu zuten hainbat olerkarik eta olerkizalek. Pandemiagatik bi urtez bertan behera utzi ondoren, herenegun, Hatsa elkarteak antolatuta, egile bana duten 120 olerki sorta laburrez osatutako liburua aurkeztu zuten, egileetako asko bertan zirela. Haien artean zen Marisa Arruabarrena Elizalde olerkari oriotarra.
Marisaren bost poesia labur dakartza 2022ko olerki bildumak: Egunak argitzen duen bakoitzean, Maitearen minak, Galdetuz aurkitzen da badatorrena, Ortzimugaraino; eta, Nereari, nire adiskideari. Senpereko baserriko festa egunak osagai asko izan zituen: liburuaren aurkezpena, aperitifa, zizka mizken bazkaria, testuen irakurketa, pintura bilduma baten erakusketa, kantu emanaldia, eta liburuen banaketa, opari moduan.
Liburuekin batera, izan zen balearen irudiak banatu zituenik ere: Arruabarrenak berak eskuz egindako balearen hemezortzi irudi banatu zituen, oparitzat. Era horretan, hasiera eman zion, sinbolikoki, aurtengo Balearen Egunari, Senpereko aintziratik gertu.