OBB garaile izan da azken jardunaldian, Antorcha talde valentziarraren aurka erakustaldia eman ondoren

Maria Maya Manterola 2022ko mar. 24a, 17:45

Argazkia: Orioko Bate Bizkorrak.

Lehia estua izan zuten lehen zatian, eta azken minutuetan lortu zuten valentziarrei aurrea hartzea. Bigarren zatian abantaila horri eutsi zieten oriotarrek. Hurrengo jardunaldia kanpoan jokatuko dute, Bartzelonan.

Joan den asteburuan jokatu zuen Orioko Bate Bizkorrak taldeak bigarren jardunaldia, bai ederki jokatu ere. Valentziako Antorcha taldearen aurka jokatu zuten etxean. Azken minutuetara arte lehia estua izan zen, eta azken minutuetan lortu zuten oriotarrek aurkariak mendean hartzea. 

Lehenengo zatian Rakel Ibañezek egin zuen sarrera, eta hari esker lortu zuten etxekoek denboraldi honetako lehen home run-a. Bi taldeen puntuak batuta, 7-9 jarri zuten markagailua lehen zatiaren amaieran, baina azken minutuetan lortu zuten etxekoek 10-9 egitea. 

Oriotarrek bigarren zatian ere aurretik mantentzea lortu zuten, eta abantaila horri eutsi zioten bukaerara arte, valentziarrek zailtasunak jarri arren. Maialen Pisonen lana aipatzeakoa da, bost hit lortu baitzituen gutzira. Amaia Larraza jaurtitzaileak ere lan bikaina egin zuen, 12 stirke out eskuratuta. 

Hurrengo jardunaldian Bartzelonan izango da OBB, CBS Barcelona taldearen aurka lehiatzeko. Aurten mailaz igo dira kataluniarrak, beraz, oriotarrek lan bikaina egin beharko dute hirugarren postuari eusteko.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide