Orioko Udalak identitate korporatibo berria izango du aurrerantzean. Gaur goizean aurkeztu dute errioaren bueltan gorpuztu duten marka berria: Orio. Marea bizian. Herritarren eta udalaren arteko harremana indartu xedez sortu dute marka, tresna eraginkorra izan daitekeelakoan.
Orio "marea bizian nabigatzen dakien herria" dela dio markarekin batera plazaratu duten aurkezpen testuak, zauriak eta beharrak "hondotik, eta ez azaletik", aztertzen eta haiei erantzuten jakin duen herria. "Mareagora eta mareabeheren" baitan herriak erakusten dituen argazki desberdinei erreferentzia eginez, eta "hori koloretik haratago" joanaz, "herriaren aniztasuna" erakusten saiatu dira identitate berriarekin.
Udalaren hitzetan, gaur aurkeztu dutena izango da erakundearen irudi korporatibo berria, baina betiko armarria erabiltzen jarraituko dute dokumentu ofizialetan.