Orioko itsas ondarean sakontzeko aukera izango da martxoaren 26an, larunbatarekin, turismo bulegoak antolatutako bisita gidatuan. Pilliku plazatik abiatuko dute ibilbidea, turismo bulegoaren paretik, eta Kale Nagusian barrena, herriko historiaren pasarte esanguratsuenak azalduko ditu gidak ordubeteko saioan. Bisita doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman behar da turismo bulegoan bertan, orioturismo@gmail.com helbidera idatzita edo 943-83 55 65 telefono zenbakira deituta.
Hiribilduaren sorrera, burdinolak, merkataritzatik eratorritako zergak, ontziolak, balea arrantza… Mende luzez, Orioko ekonomiak eta gizarteak lotura estua izan du errioarekin, eta horrek herriaren eta herritarren nortasuna zizelkatu du. Bisitaren helburua iraganera bidaia egitea izango da, modu atsegin eta dibulgatiboan.
Martxoa Euskal Kostaldeko Museoen hilabetea dela aprobetxatuz, antolatu du bisita turismo-bulegoak, Done Jakue Interpretazio Zentroa sare horretako partaidea baita. Datozen hilabeteetan bisita gehiago antolatzeko asmoa du udaleko Turismo Sailak.