Urtero bezala, lore eskaintza egin diote senitartekoek eta alderdikideek Orioko hilerrian Juan Priede zenari. Orioko Udaleko PSE-EEko zinegotzia zela tiroz hil zuen ETAk, herriko taberna batean kafea hartzen ari zela, orain 20 urte; zehazki, astelehenean izango da haren hilketaren urteurrena. 69 urte zituen hil zutenean.
Priede oroitzeko ekitaldia hilerrian bertan egin dute, haren hilobiaren aurrean. Han izan dira haren hiru seme-alabak, tartean Orioko Udalean PSE-EEko zinegotzi den Ana Priede. Ondoan izan dituzte alderdiko aurpegi ezagun asko, besteak beste, Miguel Buen Espainiako Kongresuko PSE-EEko diputatua, Guillermo Etxenike Espainiak Gipuzkoan duen ordezkaria, Odon Elorza Donostiako alkate ohia eta Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusia.
Hain zuzen ere, Asensio izan da hitza hartu duena, hilerrira sartu aurretik nahiz hilerrian bertan. Priederen ausardia eta konpromisoa goraipatu ditu eta galdetu du zer izango zatekeen Orioz, udal gisa, Priede bezalako pertsonarik izan ez balitz, PSE-EEren izenenean kargua hartzeko, nazionalistak ez diren herritarren ordezkari gisa, aniztasuna eta balio sozialistak defendatuz. "Priede pertsona ordezkaezin horietakoa zen; demokrazia eta askatasuna defendatu zituen garairik zailenetan ere". Horiek horrela, Priede eta falta diren gainerako kideak beti gogoan izango dituztela adierazi du Asensiok: "Falta direnen memoriak gugan jarraituko du beti, hori direlako etorkizun hobe baterako itxaropena ematen diguna".
Omenaldia amaitzeko Internazionala abestu dute hilerrian bildutakoek.