Kultur jardueretarako urteko dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu du Orioko Udalak. Hain zuzen ere, irabazi asmorik gabeko herriko kultura, gazteria, ingurumen eta aisialdiko taldeek zein elkarteek dute dirulaguntzak eskatzeko aukera, 2022an gauzatuko dituzten egitasmo eta jardueretarako. Apirilaren 19ra arteko epea izango dute eskaera egin eta beharrezko dokumentazioa aurkezteko.
Udalak diruz lagunduko dituen jarduerek bat egin behar dute Orioko Udalaren kultura, gazteria, ingurumen eta aisialdirako programen helburuekin, eta erakundeak zehaztu egin du zertarako eskatu ahal izango diren dirulaguntzak. Honetarako eskatu ahal izango dira:
- Orioko kultur, natura eta gazteria erakunde eta taldeen ohiko jarduerak.
- Gazteria, ingurumen edo eta kultur jarduera puntualak: berezko ezaugarriengatik aurreikusi ezin izan diren jarduerak dira, edota aldian behinekoak direlako oinarriotan zehaztutako epean burutuko direnak.
- Kultura eta Gazteria batzordeari dagokio ekimenaren izaera puntuala zehaztea. Kultura, gazte, natura eta aisialdi egitasmo eta jarduerak, honako gaietan: musika, antzerkia, dantza, folklorea, literatura, aisialdia, artisautza, arte plastikoak, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak, ingurumenaren defentsa-zaintza, ondare historiko-arkeologikoa eta kultur aniztasuna.
- Auzoetako festak.
Deialdia eta bete behar diren dokumentuen ereduak lotura honetan daude, interesatuek kontsultatzeko eta deskargatzeko. Edozein zalantza argitzeko, Iker Apaolaza udaleko kultura teknikariarekin jarri harremanetan, kultura@orio.eus helbidera idatzita.