Zinegoak jaialdiko sei film labur ikusi ahal izango dira datorren ostiralean

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 12a, 18:27

Zinegoakeko '17 minutos con Nora' filmeko irudia. (Zinegoak)

Kultur etxeko areto nagusian emango dituzte aurtengo Bilboko gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiko sei film laburrak, 19:00etan hasita, Zinegoakek eta Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak antolatuta. Sarrerak dagoeneko eskuragai daude Ahalduntze Eskolak kultur etxean duen bulegoan, hiru euroren truke.

Zinegoak Bilboko gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren 19. edizioko filmak ikusteko aukera izango da datorren ostiralean Orion. Kultur etxeko areto nagusian emango dituzte aurtengo jaialdiko sei film laburrak, 19:00etan hasita, Zinegoakek eta Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak antolatuta. Orotara, sei lan ikusteko parada izango da: Les filles ne marchent pas seules la nuit, No deberias, Elsa, Berak baleki, 17 minutos con Nora eta To the future, with love lanak, hain zuzen ere. Sarrerak dagoeneko eskuragai daude Ahalduntze Eskolak kultur etxean duen bulegoan, hiru euroren truke, honako ordutegian: astelehenean 16:00etatik 20:00etara, asteartean 10:00etatik 13:00etara eta ostiralean 16:00etatik 20:00etara.

Zinegoaken antolatzaileek adierazi dutenez, "identitatea eraikitzeko eta norbere burua nahieran birpentsatzeko eta berrasmatzeko aukera ugaritan" jarri dute fokua aurtengo edizioan. "Nor garen eta geure burua nola izendatu nahi dugun erabakitzeko askatasuna eta zilegitasuna aldarrikatzeaz ari gara, betiere begirada irekia ezarrita sexu aniztasunaren, orotariko orientazioen, genero identitatea eraikitzearen edo sexualitatearekin loturiko edozein elementuren gainean".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide