Ukrainako gerraren biktimei laguntzeko helburuarekin, beste produktu bilketa bat jarri du martxan herritar talde batek. Lehengo astean bi furgoneta bete ziren goraino oriotarrek emandako gauzekin, eta herrian gehiago laguntzeko gogoa zegoela ikusita, berriro lanean jartzea erabaki dute boluntarioek. Hala, Orion urte asko egin dituen Julia Zhushman ukrainarrarekin elkarlanean, produktuak biltzen ari dira Eusko Gudari kalean, kultur etxearen ondoan dagoen lokal batean.
Datozen egunetan lokala egunero egongo da irekita; goizez, 10:00etatik eguerdi partera arte, eta arratsaldez, 15:00etatik aurrera. Lehengo astean bezala, haur eta emakumeen higienerako produktuak, janaria, arropa beroa, mantak, etab. ari dira biltzen.
Boluntarioek dagoeneko lortu dute kamioi bat jenero guztia Errumaniara bidaltzeko. Han, Ukrainako elkarte baten bidez, behar gehien duten ukrainarrei emango zaizkie produktuak. Zhushman-ek azaldu duenez, seguruenik Kiev, Kharkiv eta inguruetara eramango da bildutakoa, oraindik irisgarritasuna mantentzen duten tokietara. Ondoren, gerraren ondorioz iristea zailagoa den lekuetara banatzen saiatuko dira handik.