2022ko martxoaren 8a

Martxan da 'Orioko emakumeak irudikatuz' argazki lehiaketa

Iñigo Gaiton 2022ko mar. 4a, 17:10

"Emakumeen eskubideen aldeko mugimendua eta ahalduntzea" ikustaraztea da Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak antolatu duen lehiaketaren helburu nagusia. Martxoaren 25era bitartean egongo da zabalik lanak aurkezteko epea.

Herri mailan egitarau zabala antolatu da hilabete osorako martxoak 8aren bueltan, eta tartean, argazki lehiaketa ere egingo da, Ahalduntze Eskolaren eskutik. Hilaren 25a bitartean, 16 urte beteta dituzten emakume oriotarrek eta aiarrek aukera izango dute haiek egindako argazkiak lehiaketara bidaltzeko. Irudi horietan "emakumeen ahalduntzea azaltzea" eskatu dute antolatzaileek.

Irabazleak, Orioko emakume ekintzaileek egindako produktu sorta jasoko du sari modura, hilaren 29an egingo den sari banaketan. Hauek dira lehiaketaren oinarriak:

. Argazkiek norberak ateratakoak eta inon argitaratu gabeak izan behar dute. Ez da onartuko beste lehiaketaren batean saria jasotako lanik.
. Parte hartzaile batek, norbanako modura edo emakumez osatutako talde baten izenean aurkeztu dezake lana.
. Parte hartzaile bakoitzak bi argazki aurkez ditzake lehiaketara gehienez.
. Argazkien formatua librea izango da.
. Hiru modutara aurkez daitezke lanak: Ahalduntze Eskola Instragram edo Facebooken etiketatuta edo Twitterren #oriokemakumeakirudikatuz traola erabilita. Irudiak e-mail edo Whatsapp bidez ere bidali daitezke ahalduntzeeskola@orio.eus helbidera edo 623178553 telefonora.
. Epaimahaiak irizpide hauek izango ditu kontuan: gaiarekin lotura, kalitatea, originaltasuna eta irudiaren indarra.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide