Txomin Iribar: "Ez dut erreleborik aurkitu, eta beste bi urtez segiko dut presidente karguan"

Iñigo Gaiton 2022ko mar. 4a, 11:35

Iribarrek 16 urte daramatza Zaharren Babeslekuko presidente karguan, eta beste bi urterako konpromisoa hartu du. Elkarteko 75 bazkide elkartu ziren asteazkenean egin zuten Ohiko Batzar Nagusian.

Pandemiagatik bi urtez elkartu ezinik ibili ondoren, asteazken arratsaldean Ohiko Batzar Nagusia egin zuten Zaharren Babeslekuko bazkideek. Hitzorduak 75 lagun elkartu zituen kultur etxeko areto nagusian. Bilkuran adostu zenez, Txomin Iribarrek (Getaria, 1949) elkarteko presidente izaten jarraituko du beste bi urtez. 

Kargua utzi asmoz ibili da Iribar azken hilabeteotan, baina erreleborik bilatu ez duenez, beste bi urtez eustea erabaki du: "Gustatuko litzaidake besteren bat animatzea, baina inork ez du urratsa ematen, eta beste bi urterako konpromisoa hartu dut". 

Kide berriak zuzendaritzan
Presidentearen hitzetan, asteazkeneko batzarra «ondo» joan zen, eta diru-kontuak bazkideen aurrean azaltzeaz gain, zuzendaritzako kideen artean aldaketak egiteko baliatu zuten bilera. "Joaquina Gambero, Santiago Ibirriaga, Fulgencio Jimenez, Felipe Lopez, Arbil Arregi eta Cristina Salsamendirekin batera egingo dut lan aurrerantzean", zerrendatu ditu Iribarrek zuzendaritzako gainontzeko kideak. 

Esker oneko hitzak izan ditu juntatik atera diren zenbaitentzat: "Joxemari Arrillagak lan ikaragarria egin du urte luzez, eta bereziki, hari eman nahi dizkiot eskerrak. Maribel Arregiri ere bai, hura ere gurekin ibili baita".  Anuska Esnal Orioko alkateari ere helarazi nahi izan dio eskertza mezua: "Oso ondo konpondu gara elkarrekin, eta gurekin ondo portatu da beti", gaineratu du presidenteak. 

Datozen urte bi urteetarako asmoen artean, Iribarri gustatuko litzaioke egun pasa batzuk eta  zortzi edo bederatzi eguneko bidaia bat antolatzea Galizia edo Andaluzia aldera, urtero egiten  dituzten ospakizunekin jarraitzeaz gain. 

Azken bi urteak
Iribarrek esan du presidente modura egingo dituen "azken bi urteak" direla oraingoak, baina lehen ere hori agindutakoa omen da behin baino gehiagotan: "Gustura egiten dudan lana da, nire saltsan ibiltzen naiz batekin eta bestearekin. Hasierako urteetan justuago ibiltzen nintzen, baina orain zuzendaritzako lanek nola funtzionatzen duten badakidanez, erraz egiten ditut lan guztiak. Horiek hala, etxeko zaintza lanetara ordu gehiago bideratu behar izaten dut orain, eta egia esatera, besteren batek gogoa izango balu, gustura lagako nioke kargua", adierazi du. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide