Zeru goibelarekin, baina gogotsu hasi dute denboraldi berria anpinean. Hainbat hilabetez itxita egon eta gero, gaur, asteartearekin, ireki dizkiete ateak herrira datozen bisitariei.
Jone Olaskoaga zuzendariaren hitzetan, zerbitzu eta instalakuntzen arloan ez dute aparteko berritasunik. Osasun krisiaren ondorioz, azken bi denboralditan murrizketekin egin behar izan dute lan, eta Olaskoagak nabarmendu du aurten edukiera mugarik ez dutela izango. "Kanpin barruko instalakuntza itxietan (komunak, dutxak...) musukoaren erabilerak derrigorrezkoa izaten jarraituko du, eta oraingoz behintzat, pandemiari lotutako neurri bakarra hori da", adierazi du.
Kanpinak azaroaren 14an itxiko ditu ateak, Behobia-Donostia lasterketa pasatu eta hurrengo egunean. Kirol probak jende asko erakartzen du kanpinera, eta bisitari horiek agurtu ondoren emango diote bukaera denboraldiari.