Sara Peñak bigarren eta Mikel Usandizaga hirugarren, Zestoako Kobaz Koba Trailen

Mireia Galarza Bastida 2022ko ots. 14a, 09:30

Peña, ezkerretik hasita bigarrena, bigarren sailkatu da proban. (Anartz Izagirre)

Peñak bi ordu, 49 minutu eta 37 segundu behar izan zituen Zaldei probako 25 kilometroak amaitzeko. Usandizagak, berriz, ordu bat, 11 minutu eta 58 segundoan egin zituen Artzei bideko 15 kilometroak.

Atzo egin zuten Zestoan Kobaz Koba Trail probaren VI. edizioa, eta Sara Peña oriotarra bigarren sailkatu zen Zaldei proban. Mikel Usandizaga aiarrak, berriz, hirugarren egitea lortu zuen Artzei proban.

Guztira 621 kirolarik zuten izena emanda atzoko bi probetarako, 320 pertsonak Artzein —proba motza— eta 301ek Zaldein —proba luzea—, baina azkenean 508 kirolarik parte hartu zuten. Horietatik, 262k bukatu zuten Artzei proba, eta 221ek Zaldei. 

Zaldei probari dagokionez, Iñigo Arantzamendi ondarroarra izan zen proba hori azkarren amaitu zuen kirolaria. 02:14:31 izan zen haren denbora, eta bigarren sailkatuari bi minutuko aldea atera zion, Pello Berrizbeitiak 02:16:26 denbora egin baitzuen. Proba horretako hirugarren sailkatua, berriz, Unai Zialtzeta azpeitiarra izan zen—02:19:39—. Nesketan, berriz, Leire Baraibar zumaiarra izan zen lehen sailkatua, eta bi ordu eta 42 minututan amaitu zuen proba; bigarren, berriz, Sara Peña, eta 02:49:37 denbora egin zuen hark.

Artzei proban Amets Aranberri zestoarra izan zen lehena helmugara iristen, 01:10:04ko denbora lortuta. Nesketan, aldiz, Ainara Urrutia izan zen azkarrena, ordubete eta hemeretzi minutuko denborarekin. 

Urola Kostako Hitzan ikus daitezke atzoko argazki galeria eta bideoa

Mikel Usandizaga, eskuinaldean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide