Orioko Biziberritze Plana aurkeztuko du udalak ostegunean

Aitziber Arzallus 2022ko ots. 8a, 09:59

Arraunetxen izango da saioa, 19:00etan hasita, eta ekitaldi irekia izango den arren, ezinbestekoa izango da asistentzia baieztatzea, formulario hau beteta.

Udalak prest du Orioko Biziberritze Plana. Ostegunean aurkeztuko du herritarren aurrean, 19:00etan hasita, Arraunetxen. Ekitaldi irekia izango da, baina ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea, formulario hau beteta.

"Herriko aberastasun kulturala, soziala eta ekonomikoa suspertzeko helburuarekin", udalak Biziberritze Plana osatzeko enkargua egin zion Kultur Atelier komunikazio etxeari 2020an. Arlo asko biltzen dituen ekintza plan zabala landu dute ordutik, eta hain zuzen ere, hori guztia herritarrei azaltzea izango da osteguneko saioaren helburua.

Udalak azaldu duenez, Orioren eta inguruaren analisia eginez abiatu zuten lana, eta plana osatzeko diagnosia egin zuten. Ondoren, profil ezberdineko 40 lagun elkarrizketatu zituzten (herritarrak gehienak), eta jasotako testigantzekin eta informazioarekin, lau urterako ekintza-plana prestatu dute. "Nolanahi ere, plana ez da tresna zurruna, eta herritarrek ekarpenak egiteko aukera dute". Laster egongo da eskuragarri udalaren webgunean. "Egitasmoaren abiapuntuan Orioko Turismo plana dagoen arren, herritarren beharrei erantzutea du helburu, eta, horretarako, hiru ardatz nagusiren gainean eraikita dago: jasangarritasuna, euskara eta errioa".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide