Udalak dozenatik gora kultur ekitaldi antolatu ditu otsailerako eta martxorako

Aitziber Arzallus 2022ko ots. 4a, 14:00

'Amua' antzezlana.

Bertsoa, musika, dantza, antzerkia, ipuin kontaketak... oraingoan ere adin eta gustu guztietako herritarrentzat moduko kultur egitaraua antolatu du udalak. Ekitaldietarako sarrerak eta gonbidapenak, beti bezala, astebete lehenago jarriko dituzte eskuragai kultur etxean.

Otsaileko eta martxoko kultur programa iragarri du udalak, "neguko hilabete ilunak arintzeko" helburuarekin. Dozenatik gora kultur ekitaldi, adin eta joera guztietako herritarrentzat. Bertsoa, musika, dantza, antzerkia, ipuin kontaketak... denetarik izango da herrian. Ekitaldietarako sarrerak eta gonbidapenak, beti bezala, astebete lehenago jarriko dituzte eskuragai kultur etxean.

Haurrentzat, hiru ipuin kontaketa saio eta antzerki emanaldi bat izango dira datozen asteetan. Hain zuzen ere, Miriam Mendoza bitan izango da kultur etxean, 3 eta 6 urte arte haurrei ipuinak kontatzen; eta behin izango da Pello Añorga, 5 eta 8 urte arteko haurrei ipuinak kontatzen. Horiez gain, umeentzat, Patata Tropikala antzerki laborategiak Niararen bidaia obra taularatuko du kultur etxean.

Helduek are kultur aukera zabalagoa izango dute eskura. Mugaldekoak talde beratarrak abenduan ematekoa zuen saioa eskainiko du hil honen 25ean, eta bi bertso saio ere bai: otsailaren 11n Xabier Lizasoren eta Andoni Egañaren Bederatzikoa; eta martxoaren amaieran, Korrika Kulturalaren barruan, Errikotxia elkarteak prestatutako emanaldia Karela kiroldegian, Maialen Lujanbio, Oihana Bartra, Joanes Illarregi, Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariekin.

Dantzak ere protagonismo berezia izango du oraingoan. Hilaren 13an, Gipuzkoa Dance Contest lehiaketak hartuko du Karela kiroldegia egun osoa iraungo duen ekitaldiarekin; martxoaren 19an Danbolin Musika Eskolako ikasleen dantza emankizuna izango da, hori ere kiroldegian.

Aipatzekoa baita, Axut! antzerki konpainiak Amua antzezlan arrakastatsua taularatuko duela kultur etxean martxoaren 4an, ostiralarekin. Ximun Fuchsek zuzendutako obran ariko dira aktore Fuchs bera, haren anaia Manex Fuchs eta Maite Larburu.

Egitaraua osorik:

Otsaila

  • Otsailaren 11n, ostirala, 19:00etan kultur etxean: Bederatzikoa bertso eta musika saioa, Andoni Egaña eta Xabier Lizasorekin. Sarrerak bost euroan.
  • Otsailaren 21a, astelehena, 17:30ean kultur etxean: Miriam Mendoza ipuin-kontalariaen saioa (3-6 urte arteko haurrentzat).
  • Otsailaren 25ean, ostirala, 19:00etan kultur etxean: Mugaldekoak taldearen kontzertua. Sarrerak bost euroan.
  • Otsailaren 26an, larunbata, egun osoa: Inauteriak.
  • Otsailaren 28an, astelehena, 18:00etan kultur etxean: Niararen bidaia haurrentzako antzezlana, Patata Tropikala antzerki laborategiaren eskutik. Sarrerak bi euroan.

Martxoa

  • Martxoaren 4an, ostirala, 19:00etan kultur etxean: Amua antzezlana, Axut! konpainiaren eskutik. Sarrerak bost euroan.
  • Martxoaren 13an, igandea, egun osoan Karela kiroldegian: Gipuzkoa Dance Contest, Warda Mallal dantza estudioak antolatuta.
  • Martxoaren 19an, larunbata, Karela kiroldegian. Danbolin Musika Eskolaren dantza-emankizuna.
  • Martxoaren 21ean, astelehena, 17:30ean kultur etxean: Miriam Mendoza ipuin-kontalariaren saioa (3-6 urte arteko haurrentzat).
  • Martxoaren 27an, igandea, 18:00etan Karela kiroldegian: Bertso saioa, Errikotxia elkartearen eskutik. Korrika Kulturalaren baitan
  • Martxoaren 30ean, asteazkena, 17:30ean kultur etxean: Pello Añorga ipuin-kontalariaren saioa (5-8 urte arteko haurrentzat). Korrika Kulturalaren baitako ekitaldia.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide