Asteburu honetan ere ez da pilota partidarik faltako Orioko frontoian, Gipuzkoako eta Udaberri txapelketetako sei norgehiagoka etxean jokatuko baitituzte herriko pilotariek. Gaur, 19:15ean hasita, hiru partida jokatuko dituzte; eta bihar, 16:00etan hasita, beste hirurak.
Eskuz binakako nagusien lehen mailako partida batekin emango diote hasiera gaurko saioari. Orbegozok eta Aranaldek Zegamako Tartaloetxe elkarteko bikote bat izango dute aurrez aurre. Segidan, gomazko paletan, nagusien bigarren mailako bi partida jokatuko dituzte, biak buruz buru eta zazpi koadroren barruan: lehenengoan Orioko Lizasok Gaztelekuko Lete izango du aurkari; eta bigarrengoan, Orioko Aldalurrek Hernaniko Arandia.
Bihar arratsaldean, berriz, eskuz binaka ariko dira bigarren mailako alebinak eta bigarren mailako infantilak. Loidik eta Antonek eta Getariako bikote bat izango dute aurrez aurre; Aizpuruk eta Kaperok Beasaingoa; eta Minerrek eta Sukiak Ataungoa.