Irmoa da Orioko Udaleko bi teknikari launa urterako kargugabetzeko zigorra

Karkara 2022ko ots. 3a, 10:17

Bina arau-hauste larri egitea egotzita, launa urteko zigorra bete beharko dute kirol eta kultura teknikariek. Bi udal langileek ez dute beren defentsarako prozedurarik hasi epaitegietan.

Irmoa da Orioko Udaleko kirol eta kultura teknikarien kontrako zigorra: bina arau-hauste larri egitea egotzita, launa urteko funtzio-eteteari egin beharko diote aurre. Izan ere, KARKARAk jakin duenez, urritik gaurdainoko denbora tartean teknikariek ez dute beren defentsarako prozedurarik abiarazi epaitegietan, eta horretarako epea iraungi denez, ezarri zaien zigorra irmoa izatera pasatu da.

Lehengo udazkenean jakin zen Orioko Udalak diziplina-espediente bana ireki ziela udaleko kultur teknikariari eta kirol teknikariari. Anuska Esnal Orioko alkateak iraileko ohiko bilkuran eman zituen gaiari buruzko azalpenak, eta hark egindako adierazpenen arabera, bina arau-hauste larri egiteari zegokion zigor proposamena egin zitzaien teknikariei.

"Udal langileen eskubideen defentsan egindako urratsa" zela adierazi zuen Esnalek orduan, eta oposizioko alderdiek babes zabala adierazi zioten alkateari. "Bere garaian eman zitzaigun egoeraren berri, eta gure babesa adierazi genizuen. Orain ere, berdin egin nahi dugu. Eskertzen dizugu gai zail hau halako diskrezioarekin kudeatu izana", mintzatu zen Lourdes Salsamendi udaleko EAJ taldeko bozeramailea.

Hortik aurrera, bi langileek beren buruen defentsa "dagokion tokian egiteko aukera" izango zutela adierazi zuen alkateak, eta udalak "amaitutzat" ematen zuela prozesua. KARKARAk jakin duenez, baina, ez dute horretarako prozedurarik abiatu epaitegietan. Horrenbestez, horretarako epea dagoeneko iraungi denez, zigorra irmoa izatera pasatu da: lau urterako etengo zaizkie biei udalean betetzen dituzten funtzioak.

Beste espedientea aurretik

KARKARAren informazio iturrien arabera, 2011-2015 agintaldian kirol teknikariari beste diziplina-espediente bat ireki zitzaion. Gipuzkoako Foru Aldundiak eraman zuen kasuaren instruktoretza orduan, eta haien proposamena izan zen teknikariari hamabost eguneko funtzio-etete zigorra ezartzea.

Prozedura abian zegoen denbora tartean, udal hauteskundeak izan ziren, eta hauteskunde horiek Udal Gobernuaren eta alkatetzaren aldaketa eragin zuten Orioko Udalean. 2015-2019 agintaldian zehar, ez zuten exekutatu kirol teknikariaren aurkako zigor proposamena, eta horretarako epea iraungi egin zen 2019ko maiatzeko udal hauteskundeen aurretik. Hala, langileak ez zuen zigorrik bete behar izan.

KARKARAk jakin duenez, bi teknikariei orain ezarritako zigorrek ez dute loturarik 2011-2015 agintaldian kirol teknikariari irekitako diziplina-espedientearekin. Indarrean dagoen agintaldian egindako bina hutsegite larrigatik jaso dute orain bete beharreko zigorra.

Albiste hau argitaratu aurretik, KARKARA bi udal langileen abokatuarekin harremanetan jarri da bere bezeroek adierazpenik egin nahi luketen galdetzeko, baina, momentuz, nahiago izan dute isilik gelditu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide