Zimitorio zaharreko horma eta petrila berritu ditu udalak

Karkara

Hargin-lanek 4.500 euroko kostua izan dute. Epe ertainean, inguruan lan gehiago egingo dituzte.

Orioko Udalak konponketa-lan batzuk egin ditu San Nikolas elizako zimitorio zaharreko sarreran. Kale Nagusira ematen duen hormaren zati bat hezetasunak hondatua eta itsustua zegoen, eta hori saneatu eta konpondu egin dute; horrekin batera, petrilaren gaina ere bai. Denera, 4.500 euroko kostua izan dute Cantería Espigak egindako hargin-lanek.

Bestalde, inguruan beste zenbait egokitzapen egitea ere aurreikusten du udalak, "adineko herritar batzuei eskaerari erantzunez". Harrizko petrilari segida emango dion barandatxoa jarriko da, batetik, zoruko koskaren oztopoa saihesteko; eta, bestetik, harrizko petrilaren gainean ere metalezko baranda bat jarriko dute, altuera emateko eta seguruago izateko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide