Aurten ere Ondasun Higiezinen Zergan hobariak eska ditzakete herriko familia ugariek, eta dagoeneko ireki dute horretarako epea. Hain zuzen ere, gaurtik hilaren 28ra bitartean eska ditzakete hobari horiek, udal bulegoetan. Familia ugaria direla akreditatuta daukaten sendiek etxebizitza bakar batentzako eska dezakete hobaria, etxebizitzaren balio katastrala gehienez 180.000 eurokoa baldin bada eta baldintza hauek betetzen badituzte:
- Etxebizitzak familia ugariaren ohiko bizitokia izan behar du eta familiako kideek bertan erroldatuta egon behar dute.
- Familiako inork ez du izan behar beste ondasun higiezin baten jabe.
Hiru hobari mota
Aplikatuko diren hobariak hauek izango dira:
- Hiru seme-alaba dituzten familiei %52,50eko hobaria aplikatuko zaie.
- Lau seme-alaba dituzten familiei %63ko hobaria aplikatuko zaie.
- Bost seme-alaba edo gehiago dituzten familiei %73,50eko hobaria aplikatuko zaie.
Eskaera nola egin
Hobariaren eskaera egiteko, herritarrek udal bulegoetara jo behar dute otsailaren 1etik 28ra bitartean, 8:30etik 14:30era, astelehenetik ostiralera. Han emango dieten instantzia bete beharko dute interesatuek (beheko estekatik ere deskargatu daiteke) eta udal bulegoetan aurkeztu, dokumentazio honekin batera:
- Familia ugariaren txartela.
- Ondasun Higiezinaren gaineko Zergaren azken ordainagiria ordaindu izana akreditatzen duen agiria.
- Zinpeko aitorpena, adieraziz familiako inor ez dela beste ondasun higiezin baten jabe (agiri horren eredua ere beheko estekatik deskargatu daiteke).
Hobariaren eskaera urtero aurkeztu behar da.