Astebete itxita egon ostean, gaur ziren Kaia kalea ibilgailuentzat irekitzekoak. Baina udalak jakinarazi duenez, saneamendu sarea berritzeko kofradia inguruan egiten ari diren obren konplexutasunaren ondorioz, lanak hasieran uste baino gehiago luzatuko dira. Hori dela eta, Kaia kaleak trafikoari itxita segituko du beste zenbait egunez, eta bitartean, ibilgailuek, joan den astean bezala, Txankako bidea erabili beharko dute herritik ateratzeko.
Beste eskaera bat ere egin die udalak herritarrei. Hain zuzen ere, moilako irteera itxita dagoen bitartean, Bizkarreneko etxearen atzeko hondakin gunea ez erabiltzeko. Beren betiko txartel magnetikoa erabiliz, Antilla aurreko plazatxoan egokitu den gunean utzi beharko dituzte hondakinak.
Kofradiaren eraikina zein Leundaneko eraikina eraitsita, saneamendu sareak azken hamarkadetan izandako arazoei behin betiko konponbidea ematen ari zaie Gipuzkoako Ur Kontsortzioa. Horretarako, sei metroko sakoneran hondoratu dituzte hodiak, eta mareen arabera ari dira lanean, segurtasun neurri zorrotzekin.