Asteartean emango diote hasiera Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak lehen hiruhilekorako antolatu duen jardueretako bati, Orioko historia emakumeok kontatuta izenburu duen tailerrari, hain zuzen. Urtarrilak 25etik otsailaren 22ra bitartean, bost saio izango dira; guztiak astearteetan, 17:30etik 19:30era, kultur etxeko areto nagusian. Eta oraindik bada izena emateko aukera, lotura honetan, 623 178 553 telefono zenbakira deituta edo ahalduntzeeskola@orio.eus helbidera idatzita, eta 20 euro ordainduta.
Antolatzaileen esanetan, tailerraren helburua da Orioko historia osatzea emakumeen argazkiekin eta kontakizunekin, uste dutelako herriko iruditeria "oso maskulinizatuta" dagoela eta emakumeek merezi duten lekurik ez dutela. Horretarako, etxean gordeta dituzten argazki zaharrak saioetara eramateko eskatu diete parte hartuko dutenei, "ama, izeba, amona, lagun eta abarren argazki zaharrak".
Idoia Telleria Maritxalar argazkilariak gidatuko ditu bost saioak, eta honako bideoa prestatu du tailerrari buruzko hainbat azalpen emanez: