Barruak berotzeko, lentejak eta musika

Aitziber Arzallus 2022ko urt. 22a, 14:34

Kaosa eta Lentejak jaialdiaren seigarren edizioa ospatzen ari dira Etxeluze gaztetxean. Dilista txapelketarekin hasi duten egitarauari, bazkariarekin emango diote jarraipena, eta eguna borobiltzeko, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango dute. 

Gaurko hotzari aurre egiteko primerako errezeta dute Etxeluze gaztetxean bildu direnek: dilistak eta musika. 13:00ak alderako bor-bor zituzten eltzeak lenteja txapelketan parte hartzera animatu direnek, eta askotariko usainak nahasten ziren giroan, barazkiak eta espeziak erabilita bakoitza bere ukitu partikularra ematen saiatu baita lapikoan egosten zeukanari.  

Horrela ekin diote Kaosa eta Lentejak jaialdiaren seigarren edizioari, eta bazkariarekin emango diote segida. Noski, lentejak jango dituzte bazkaritan, eta epaimahaiak goxoenak zeinenak diren ere ebatzi beharko du, sariak banatuko baitituzte. Bazkalondoan, jolasak egiteko intentzioa dutela azaldu du Beñat Irazusta antolatzaileak, eta gero, 18:00ak aldera, kontzertuei hasiera emango dietela. Gauerdia bitartean, bederatzi talde zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera izango da Etxeluzen.   

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide