Gipuzkoako Ur-Kontsortzioak hondartzako saneamendu-sistema berria ezartzeko lanak egingo ditu Kofradiako eta Leundaneko eraikinak zeuden eremuan. Hori dela eta, Kaia kalea trafikorako itxita egongo da gaurtik hasi eta datorren ostiralera arte. Ibilgailuek Txankako bidea erabili beharko dute herritik ateratzeko.
Udalak azaldu duenez, obra horren bidez "azken hamarkadetako arazoei behin betiko konponbidea" emango die Gipuzkoako Ur Kontsortzioak.
Saneamendu-sarearen bilakaera
Hondartzako saneamendu-sarea 90eko hamarkadan ezarri zen. Hango ur zikinak biltzen dituen hodia Muntoko ibilbidean barrena sartu zen, bost metroko sakoneran; baina moila inguruan oso arriskutsua zen sei metroko zanga edo lubakia egitea, eta behin-behineko irtenbide bat eman zitzaion, gerora hainbat arazo sortu izan dituena. Orain, ordea, Kofradiaren eraikina zein Leundanekoa eraitsi dituzten honetan, arazo horiek behin betikoz konpontzea erabaki du Gipuzkoako Ur Kontsortzioak.
Sistema berria ezartzeko, sei metroko sakoneran hondoratuko dituzte hodiak, eta mareen arabera egin beharko dute lan, segurtasun-neurri zorrotzekin. Baliteke gero ere, zenbait egunetan, berriro trafikoa moztu behar izatea segurtasunagatik eta, egun horietan, herriko irteera Txankatik bideratuko da.
Lanek 100.000 euroko aurrekontua dute, eta Egurki enpresak egingo ditu, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak aginduta.