Kale agerraldia egin da arratsaldean Orion, bostak eta erdiak aldera. Izatez Bilbon egin ohi du manifestazio erraldoia Sarek urtero presoen eskubideen alde, baina pandemia egoeragatik deialdiak herriz herri egin dituzte aurten. Sareren deialdiari erantzunez, oriotar ugari atera dira kalera presoen eskubideak aldarrikatzera.
Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako zein Frantziako Gobernuei zuzendu zaie Sare gaurkoan. Eskubideak aldarrikatzeaz gain, euskal preso guztiak Euskal Herriratzeko eskatu du, baita gradu progresioan dagoen blokeoa askatzeko galdegin ere.
Hala zioen manifestazioaren amaieran plazan irakurri duten testuak: "Oraindik euskal presoen %50a Euskal Herritik kanpo diren espetxeetan dago. 3. gradua eskuratzeko edota irteera baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko blokeo sistemiko baten aurrean aurkitzen gara". Larriki gaixo diren hemeretzi preso daude oraindik euren osasunerako eskubidea urratuta dutenak. Eta zer esanik ez, adindun presoen edota motxiladun haurren eskubideei dagokienean. Salbuespen legeak erpin asko ditu eta benetako aldaketa batek guztiei eman behar die aterabidea".