Eraberrituta ireki ditu ateak Orioko Zaharren Babeslekuak, bi hilabete inguru itxita egon ondoren. Eguraldi epel eta ateriarekin, terrazan elkartu da jende gehiena lasai ederrean zerbait jan edo edateko.
Barrua, berriz, berri-berri agertu da. Tabernako kide batek azaldu duenez, udalak margotu du taberna, baita komuna berritu eta frijigailua, kamera eta plantxa berriak jarri ere. Taberna kudeatuko dutenek, berriz, egin dituzte gainerako hobekuntzak: sukaldea berritu, apalak jarri, etab.
Adin guztietako herritarrak bertaratu dira inauguraziora, eta Txomin Iribar Zaharren Babeslekuko presidenteak ere ez du hutsik egin. KARKARAri adierazi dio luze egin zaiela taberna itxita egon den denbora, eta beraz, pozik hartu dutela irekiera. Aitortu du adinekoentzat ekintzak prestatzeko "irrikaz" daudela. Pandemia garaia ez balitz, astero ekintzak egingo zituzketen tabernan, baina oraingoz ezer ez dute antolatuko, gutxienez urtarrilaren 28ra arte, ordura arte indarrean egongo baitira hainbat murrizketa.
Gutxienik, berreskuratu dute bilgunea eta aterpea, eta Iribarrek azaldu du tabernaren kudeatzaile berriak mantendu egin dituela erretiratuentzako lehengo prezio bereziak.
Azken 11 urteetan Juanjo eta Mertxe Curiel anai-arrebek kudeatu izan dute Zaharren Babeslekua, baina zenbait baldintza eguneratu egin zituen udalak, eta curieldarrek erabaki zuten ez aurkeztea lokala kudeatzen jarraitzeko lehiaketara. Hala, Mikel Rekarteri adjudikatu zitzaion tabernaren kudeaketa.
ELKARRIZKETA. Juanjo eta Mertxe Curiel: "Tratu handia izan dugu herriko jendearekin, eta kariño handia hartu diogu elkarri"
ALBISTEA. Mikel Rekarteri esleitu dio udalak Zaharren Babeslekuaren kudeaketa