Martin de Marte eta Laguna Goons taldeek Etxeluze gaztetxean joko dute bihar

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 16a, 10:30

Martin de Marte taldeko kideak.

22:00etan hasiko da jaialdia eta ordubete lehenago jarriko dituzte sarrerak salgai, sei euroren truke. Edukiera mugatuta egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek.

Bihar iluntzean zuzeneko musikak hartuko du Etxeluze gaztetxea. Bi talde igoko dira oholtzara: batetik, Martin de Marte laukote zarauztarra; eta bestetik, Laguna Goons Getxon (Bizkaia) bizi den laukote andaluziarra. 22:00etan hasiko da jaialdia eta sarrerak ordubete lehenago jarriko dituzte salgai, gaztetxean bertan, sei euroren truke. Edukiera mugatuta egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek.

Martin de Marte proiektua Martin Muruak jarri zuen abian 2018an, Kaixo Lagun bilduma kaleratuta, eta handik urtebete pasatxora kaleratu zuen bigarren lana: Red River Ride. Berak editatu eta ekoitzi zituen bi lanak DIY filosofia —Do It Yourself, alegia, zuk zeuk egin ardatz hartuta. Bigarren albumetik aurrera, ordea, proiektua taldean garatzea erabaki zuen, eta herriko hiru laguni deitu zien horretarako: Ion Ferrerari (gitarra), Xabier Aramendiri (baxua) eta Nikolas Eizagirreri (bateria). Muruak berak gitarra jo eta ahotsa jartzen du. Rocka, popa eta indiea nahasten dituzte, ukitu psikodelikoekin eta jazzari egindako keinuekin.

Laguna Goons, berriz, Malagako Cartama herrian jaiotako lau lagunen proiektua da, eta 2020ko martxoan egin zituzten lehen urratsak, hain zuzen ere, COVID-19a zela eta etxean itxi gintuzten garaian. Elkarrekin igaro zuten itxialdia, eta hilabete bakar batean hogei abesti sortu zituzten, garage-pop estilokoak gehienak. Horietako bederatzi biltzen ditu Shed Demos with Verso the Dog maketak. Jaioterria atzean utzita, Euskal Herrira bizitzera etorri ziren iazko udan, eta Bilbon etxerik aurkitu ez zutelako, Getxon bizi dira orain. Han ari dira bigarren lana prestatzen. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide