Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak urtearen hasieran ekin zion aholkularitza juridikoa eskaintzeari. Garazi Pagola eta Macarena Mujika abokatuak arduratzen dira zerbitzu hori emateaz, eta hilean behin etortzen dira Oriora, ahalduntze eskolak Kultur Etxean duen bulegora. Hil honetako saioa gaur egingo dute, 16:00etatik 19:00etara. Haiekin egon ahal izateko, beharrezkoa da aurrez hitzordua hartzea, hiru modu hauetakoren bat erabilita: bulegora bertaratuta, 623 178 553 telefono zenbakira deituta edo ahalduntzeeskola@orio.eus helbidera mezu bat bidalita.
Lege kontuetan adituak dira Pagola eta Mujika, eta emakumeei lege arloko edozein zalantza argitzeko eta aholku emateko gaitasuna dute: dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, laguntza sozialak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, diskriminazioa, etxeko langileen kaleratzea eta abar.