Iñaki Gurrutxagak XIV. Kopla Txapelketan hartuko du parte

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 10a, 10:30

Abenduaren 17an egingo dute txapelketa, ohi bezala Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Sarrerak gaur arratsaldean jarriko dituzte salgai.

Pandemia gorabehera, Kopla Txapelketa egin egingo dute aurten ere Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Abenduaren 17an izango da herrian urtean zehar egiten den bertso saio bereziena, eta sarrerak gaur bertan jarriko dituzte salgai. 18:30ean Musika Plazan egongo dira eskuragarri, sei eurotan, eta antolatzaileek azaldu dutenez, pertsonako bi sarrera bakarrik erosi ahalko dira. Horrez gain, gogorarazi dute edukiera mugatua edukiko duela ekitaldiak, eta derrigorra izango dela maskara erabiltzea eraikin barruan.

Saioa eserita jarraitu beharko da, eta barra itxita egongo da, «horrela segurtasun neurriak bermatzea errazagoa izango delakoan», azaldu dute txapelketaren antolatzaileek. Mugak muga, «aurtengo saioa iazkoa baino gehiago gerturatuko da ohiko Kopla Txapelketara, eta modu ezberdinean, baina aurten ere umorea eta giro ona bermatuta izango dituzte koplazaleek Putzuzulon», adierazi dute. 


Bertsolari eta musikariak 

Mayi Saizar eta Beñat Intxauspe arduratuko dira bertsolariei gaiak jartzeaz aurtengoan. Hamar lagun ariko dira kopletan, eta hiru musikari arduratuko dira ekitaldia girotzeaz.   

Honakoak dira XIV. Kopla Txapelketako bertsolariak: Xabi Maia, Oihana Arana, Aitor Salegi, Aimar Sorazu, Aitor Sarriegi, Nerea Elustondo, Iñaki Gurrutxaga, Aroa Arrizubieta, Maialen Lujanbio eta Hodei Iruretagoiena.

Aratz Olaizola ariko da, bestalde, trikitixarekin, Aitor Amilibia Kortxi, berriz, gitarrarekin, eta Imanol Etxeberria, azkenik, kajoiarekin. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide