Martin Iriondok zilarra eta urrea lortu ditu Espainiako Kros Txapelketan

Iñigo Gaiton

Banakako lasterketan bigarren egin zuen Iriondok, eta taldekakoan gailentzea lortu zuen Euskal Selekzioko kideekin batera. Xabat Elortza ere selekzioarekin lehiatu zen, 18 urtez azpikoen kategorian.

Lehengo asteburuan, Espainiako Kros Txapelketak jokatu ziren Oviedon (Asturias, Espainia). Bi oriotarrek parte hartu zuten lehiaketan; 16 urtez azpikoetan korrika egin zuen Martin Iriondok, eta 18 urtez azpikoetan Xabat Elortzak. Banaka eta taldean aritu ziren biak, eta lasterketa guztiak Euskadiko Selekzioaren elastikoarekin egin zituzten.

Iriondok azpitxapeldun izatea lortu zuen 3.150 metroko proban, 9:47 denbora eginda. Taldekako lasterketan, berriz, irabazle izan zen selekzioko kideekin batera.

Elortza 33. sailkatu zen banakako lasterketan, 4.150 metroak 13:10 denboran egin eta gero. Taldekakoan, berriz, 10. egin zuten.

Banakako lasterketa bakoitzak 104 parte hartzaile izan dituela kontuan izanik, bi oriotarrak oso gustura itzuli dira Oviedotik, lasterketa bikainak egin eta gero.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide