Atzo arratsaldean Zarauzko Bilgune Feministak eta Zarauzko Neska Gazteek gutun bat plazaratu zuten asteburuan Zarautzen izandako eraso matxista "oso larri" baten berriz emanez. Gutunean diote "zurrumurru ugari" iritsi zaizkiela, "eta horietako askok gertatutakoa zalantzan jarri eta ukatu" egiten dutela. Eta argi esan nahi izan dute: "Guk sinesten dizugu!". Ahizpatasuna, babesa eta elkartasuna adierazi dizkiote erasotuari eta inguruko denei.
"Nazkatuta, haserre eta amorratuta" daudela esan dute, eta nabarmendu dute "eskualdean, azkenen hilabeteetan, hainbat salaketa" egin direla "indarkeria matxista dela eta". Azaldu dute erasoen aurrean erantzuna artikulatzea ez dela erraza izaten. "Beti ez da berdin, (...), eta eragile bakoitzak ditugu gure ardurak eta oinarriak. Baina Zarauzko herriari eta eskualdeko herritarrei adierazi nahi dizuegu erasorik ez dela erantzunik gabe geldituko". Hori dela eta, abenduaren 10erako, datorren ostiralerako, mobilizazioa antolatu dute eskualdeko mugimendu feministarekin batera. Iluntzean izango da, Zarautzen.
Orioko Xaltxerek bat egin dute Zarauzko Bilgune Feministak eta Zarauzko Neska Gazteek plazaratutako gutunera, eta baita datorren ostiralean Zarautzen egingo duten mobilizaziora ere, eta herritarrei parteko hartzeko deia egin diete.