I. Imanol Ibarguren Memorialaren lehen kanporaketak jokatu dituzte

Iñigo Gaiton 2021ko aza. 29a, 10:41

Infantil mailako txapelketa antolatu du Orioko Pilota Elkarteak. San Nikolas egunean jokatuko dira lehiaketako finalak.

Orioko Pilota Elkarteak I. Imanol Ibarguren Memoriala antolatu du, iaz hil zen gaztearen omenez. Elkarteak azaldu duenez, Ibarguren elkarteko pilotaria izan zen zenbait urtez, eta ondoren ere, askotan izaten zen frontoian, "lagun artean eta elkarteak antolatutako txapelketetan laguntzen".

Atzo, igandearekin, Ibargurenen omenezko txapelketaren lehen kanporaketa jokatu zen. Infantil mailako pilotarien lehiaketa antolatu dute, herri desberdinetako pilotariak (Orio, Usurbil, Villabona, Getaria, Oiartzun, Añorga...) elkarrekin nahastu eta bikoteka jarrita.

Guztira hiru jardunaldi izango ditu txapelketak: atzokoa (final laurdenak), final erdiak (abenduaren 4an) eta finala (abenduaren 6an, San Nikolas egunean).

Antolatzaileen hitzetan, datorren urteetan segida emango diote aurtengo lehen edizio honi. "Infantil mailako binakako txapelketa da aurtengoa, baina aurrera begira, agian beste maila edo formaturen bateko lehiaketa antolatuko dugu, ikusiko dugu".

Hauek dira atzoko emaitzak:

  • Zufiria-Kaperotxipi (Behar Zana-Orio) 6
    Iradi-Pagola (Oiarpe-Añorga) 18
  • Amilibia-Otaegi (Orio-Behar Zana) 18
    Aiestaran-Esnal (Gure Txeru) 13
  • Miner-Gozategi (Orio) 18
    Indakoetxea-Jauregi (Pagazpe) 9
  • Aizpuru-Larrarte (Orio-Behar Zana) 3
    Alejo-Errasti (Pagazpe) 18

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide