Gaur, ostiralarekin, plazaratu dituzte Donostiako Urrezko Danborra irabazteko hautagai diren pertsonen izenak. Urola Kostako hiru lagun daude zerrendan; zehazki, Imanol Alguacil Realeko entrenatzaile oriotarra, eta Zarauzko Felix Zubia medikua eta Karlos Argiñano sukaldari eta telebista aurkezlea. Guztira 76 hautagaik osatzen dute aurtengo zerrenda.
Datorren astean zehar, astelehena eta ostirala bitartean, Donostiako Udaleko arduradunek hautagaien izenak aztertuko dituzte, erabaki bat hartzeko. Izenen batek 18 zinegotziren botoak jasoko balitu (27 dira guztira), hari emango diote Urrezko Danborra. Adostasun zabalik lortzen ez bada, hiru pertsona hautatuko dituzte, eta gero, herritarren bozketa bidez erabakiko da irabazlearen izena.