Gaur, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean, manifestazio zaratatsua egin da herrian, Orioko Xaltxerek deituta. 19:00etan zegoen zita jarrita plazan, eta handik abiatu dira herritarrak, Eusko Gudari kalean barrena. Zenbaitek zalaparta ateratzeko tresnak ibili dituzte eskuetan, eta oihu egindako aldarriak ere ozen entzun ahal izan dira, egin duten buelta guztian zehar. Arrantzale kalera buelta hartuta, plazara itzuli dira segidan, eta han borobilean jarri dira.
Kale agerraldiari amaiera eman aurretik, Euskal Herriko Mugimendu Feministak ateratako manifestua irakurri dute, eta ondoren, gaur beste herri askotan ere entzun den Zutik, emakumeak! abestia kantatu dute, denek batera. Hau da abestiaren letra:
Zutik emakumeak
hautsi gure kateak
zutik, zutik, zutik!
Lehengorik gabe, emazte
gure historiarik gabe.
Mende lehenetik, emazte
lur ixildua gara.
Zutik emakumeak...
Esklabo zapaldua, emazte
saldu, biolatuak.
Etxe guztietan, emazte
mundutik baztertuak.
Zutik emakumeak...