Kuraia Orio taldeko Diego Caballerok Euskal Herria K1 txapelketa jokatuko du larunbatean

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 24a, 13:56

Manex Barral izango du aurkari Caballerok, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian 18:00etatik aurrera egingo den kick boxing lehiaketan.

Euskal Herria K1 Basque Country jaialdia antolatu dute larunbat honetarako, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian. Guztira, hamabost borrokaldi jokatuko dituzte, 18:00etatik aurrera, baina ekitaldiko lehia garrantzitsuena Nora Perez zangotzarraren eta Sandra Perez donostiarraren artekoa izango da. Profesional mailakoa, alegia.

Ekitaldian zehar, K1 Basque Country Torneoa jokatuko dute hainbat borrokalarik kanporaketa sistema bidez. Gainerakoan, buruz buruko hainbat erakustaldiekin osatuko dute jaialdian. Horien artean, Kuraia Orio taldeko Diego Caballero zarauztarrak eta Joseba Cilveti Zarauzko bizilagun donostiarrak hartuko dute parte; lehenak Manex Barralen aurka, eta bigarrenak Markelen aurka.

Sarrerak 15 euro balio du, eta aurrez eros daiteke Kuraia Zarautzen eta Orioko Kabi tabernan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide