Gabonen atarian erabilitako jostailuak trukatzeko azoka egitea tradizio bat da herrian, eta iazko behartutako etenaren ostean, ohiturari berriz heltzea erabaki dute Herrio Natur Taldeko kideek. Dagoeneko jarri dute eguna, abenduaren 11, eta aste honetan bertan hasiko dira azokarako jostailuak biltzen. Etxean alferrik dituzten eta egoera onean dauden jostailuak prestatzen hasteko eskatu diete herritarrei, eta bilketa puntuetara eramateko.
Ostiral arratsaldean Zaraguetan eta ikastolan jasoko dituzte erabilitako jostailuak: 16:00etatik 17:00etara Zaragueta Herri Eskolan, eta 16:30etik 17:30era Orioko Herri Ikastolan. Ostiralean ezin dutenek, abenduaren 10ean izango dute aukera. Egun horretan Salatxo aretoan ariko dira, 17:00etatik 19:00etara bitartean.
Bildutako jostailu guztiak azokan jarriko dituzte ikusgai, hain zuzen ere, abenduaren 11n, 10:30etik 14:00etara, Salatxo aretoan.
Truke sistema
Bilketa egunetan jasotzen dituzten jostailuak hiru koloreren arabera sailkatuko dituzte: horia, urdina edo gorria. Jostailu bat uzten duenari, nahi izatera, dagokion koloreko txartel bat emango diote, eta azoka egunean kolore berdineko txartela daukan beste jostailuren batengatik trukatu ahal izango dute. Azokara etxeko jostailuak hartuta joaten direnek, berriz, han jarrita daudenengatik truketu ahal izango dituzte. Gabon garaiko gehiegizko kontsumoari aurre egitea eta trukea eta berrerabilpena sustatzea dira ekimenaren helburuak.
Kontuan izatekoak
Truke azokan parte hartu ahal izateko baldintza batzuk jarri dituzte antolatzaileek, eta honakoak dira:
- Jostailuek osorik egon behar dute, egoera onean, norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan. Egoera txarrean dagoen jostailurik ez dute jasoko.
- Azoka egunean jostailuak trukatu ahal izateko, 8 urtetik beherakoek arduradun batekin joan beharko dute.
- Azoka amaitutakoan inork eraman ez dituen jostailuak irabazi asmorik gabeko erakunde batetara bideratuko dituzte.