Memoriaren Egunaren harira udalak eta Bakeola Fundazioak elkarlanean antolatutako ekitaldietan bigarrena izango da gaur arratsaldekoa. Irati Goikoetxea idazlearen eta Miguel Angel Llamas Pitu kazetariaren arteko solasaldi bat izango da, eta besteren artean, memoria lantzearen eta eragindako mina aitortzearen garrantzia izango dituzte hizpide Kultur Etxeko areto nagusian, 19:00etan hasita.
Goikoetxeak Herriak ez du barkatuko eleberria aurkeztu berri du; aita ETAk hil zion neska bat da liburuko protagonista, eta hogei urte beranduago bizirik jarraitzen duen zauriaren ingurukoak ditu aztergai. Llamasek, berriz, Amaia Merino zinemagilearekin batera, Non dago Mikel? dokumentala estreinatu zuen iaz Donostiako 68. Zinemaldian. 1985ean Guardia Zibilak atxilotu ondoren desagertu zen Mikel Zabalzaren kasua du oinarri dokumentalak.