Philippe Jaroussky kontratenorraren kantaldira joateko doako autobusa antolatu dute

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 17a, 11:00

Philippe Jaroussky kontratenor frantziarra. (Kursaal aretoa)

Azaroaren 22an izango da kontzertua Donostiako Kursaalen, 19:30ean hasita, eta hara joateko autobusak 18:40an jasoko ditu Orioko geltokian dauden herritarrak. Lekua ziurtatuta izateko, aurrez egin beharko dute erreserba orioturismo@gmail.com helbidera idatzita edo 943-83 55 65 telefono zenbakira deituta, eta biharkoa izango da horretarako azken eguna.

Datorren astelehenean, azaroak 22, Philippe Jaroussky kontratenor frantziarrak kantaldia emango du Donostiako Kursaal aretoan, eta saiora joan nahi duten oriotarrek autobusa doan izango dute. Hain zuzen ere, Zumaiatik datorren autobusa 18:40an iritsiko da Orioko autobus geltokira, han dauden bidaiariak hartu eta Donostiara joateko. Kontzertua 19:30ean hasiko da.

Autobusean lekua erreserbatzerako, komenigarria da kontzerturako sarrera erosita izatea, eta hori norberak egin beharko du, Kursaalaren webgunean. Behin sarrera erosita, autobusean tokia ziurtatuta izan nahi dutenek orioturismo@gmail.com helbidera idatzi edo 943-83 55 65 telefono zenbakira deitu beharko dute. Autobuserako izena emateko azken eguna azaroaren 18a izango da, alegia, biharkoa. Hamabost laguneko talderik osatuko ez balitz, eskaintza bertan behera geldituko litzateke, eta kasu horretan, kontzerturako sarreraren dirua itzuli egingo litzateke.

Hainbat eratako sarrerak aukeran

Jarousskyren kantaldirako hainbat eratako sarrerak daude aukeran, eta batzuen eta besteen artean bada alderik. Sarrerarik merkeena langabeek eta 30 urtetik beherako herritarrek erosi dezaketena da, eta hiru euro balio ditu. Horietako bat lortzeko, beharrezkoa da aurrez erreserba egitea 943-83 55 65 telefono zenbakira deituta. Erreserba eginda dutenek, kontzertuaren egunean Kursaaleko lehiatilara joan beharko dute, langabeak direla edo 30 urte baino gutxiago dituztela egiaztatzen duen agiriren batekin, eta ordainketa ere orduan egin beharko dute.

Gainontzeko herritarrentzat bost motatako sarrerak daude aukeran. 11 euro balio ditu merkeenak, eta 55 euro garestienak. Tarte horretan, 28, 35 eta 44 euroko sarrerak ere badaude. Sarreraren prezioa eserlekuaren kokapenaren araberakoa izaten da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide