Orio eta Ohio. Bien artean, Atlantikoa eta filmeetan entzundako estatu bitxi horiek: Maryland, Pensilvania, Virginia... eta izkin eginda, Ohio. Lagunentzako Ojayo, guretzako Oriyo den bezala. Eta esango duzue, ze arrayo! Ba lehen begi kolpean berdinak direla, R eta H kontuak salbu.
Aizue, ez da lelokeria! Jakes Goikoetxeak erreportaje bat landu zuen martxoan Jose Mari Ertzillaren ikerketen inguruan, zeinak Kristobal Kolon Euskal Herrian jaio zela eta Orion ibilia zela baieztatzen duen. Eta badakizue nola izena duen Ohioko hiririk populatuenak? Columbus. Nabigatzaile euskaldunaren omenez antza.
Columbusen hainbat kirol profesional egiten dira, baina arrauna ez (hori da bekatua!). Major League Soccer-en jokatzen duen futbol talde bat dute: Columbus Crew. Itzulpen literala Kolonen kuadrilla da; oriotarrez, Peña Petril. Taldeak elastiko horia defendatzen du gogotik zelaian, mirotzek itsasoan bezala.
Beraz, bada garaia Orio- Ohio senidetzen hasteko. Portzierto, ez dizuet esan, baina Erie lakua dute han, eta ez legoke gaizki 2022ko Oriako Jaitsiera bertan jokatzea. Basquetour-en kontura, ezta?