Datorren astelehenean, azaroak 22, aurreneko diskoa plazaratuko du Intza Unanuek. 'Intza' izenarekin sinatu du lehen kantu bilduma, eta Ilundu aurretik izenburua eman dio diskoari.
Hilaren hasieran plazaratu zuen Azaroan singlearekin batera, beste lau kantu ere sartu ditu diskoan: Bakardadean, Akuamarina, Amaiera baten hasiera eta Zurekin. 2018an ekin zion bere abestiak idazteari Intzak, eta "sentimendu eta bizipenetan" bilatu izan du inspirazioa. Artistak azaldu duenez, pop doinuak dira nagusi abestietan, baina oraindik ere, "soinu propioa" bilatzen dihardu.
Grabaketak Gaztain Estudioetan egin dituzte, Eñaut Gaztañagarekin batera, eta hauek dira parte hartu duten musikariak: Aritz Pardina (gitarra), Ane Bobadilla (teklatua eta flauta), Jesus Perez (baxua), Imanol Arruti (bateria) eta Ainara Zamakola (biolina).
Bakarlari modura plazaratuko duen lehen lana bada ere, Intzak ibilbide luzea du musika munduan. Beteak beste, 14 urte zituenean Benito Lertxundiren taldean sartu zen, eta ordutik, haren zuzeneko eta diskoetan koruak egin ditu.