Margolanak diruditen argazkiak

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 5a, 09:00

Kultur Etxean ikusgai jarriko duen lanetako bat. (Iosu Garai)

Datorren astelehenetik aurrera, Iosu Garai arrasatearraren Zaindu: inpresionismoari keinu bat erakusketa ikusgai egongo da Orioko Kultur Etxean. Azaroaren 15ean bisita gidatua egingo du.

Argazki kamera erabiltzen maisua da Iosu Garai (Arrasate, 1958), eta nazioartean zein etxean sari bat baino gehiago irabazitakoa. Argazkiak egiten dituen arren, margolanak dirudite haren laneak. Behintzat, Zaindu: inpresionismoari keinu bat erakusketa osatzen dutenek. Datorren astelehenetik aurrera, bilduma horren parte diren hamahiru irudi Orioko Kultur Etxean izango dira ikusgai. Orioko Udalak udazkenerako prestatuta duen kultur egitarauaren barruan ekarri du arrasatearraren erakusketa herrira.

Basoak ageri dira argazki horietan, ez kasualitatez. Kultur Etxera doazenek zer topatuko duten galdetuta, honela dio sortzaileak berak: "Argazkilari inkonformista baten lana, eta basoak zaindu beharraz ikuslea kontzientziatzeko asmoarekin egindako proiektu bat". Biak batean, beraz; berak sortutako artea herrirratzeaz gainera, herritarren kontzientzian eragitea ere nahi baitu. Horrez gain, basoak berari sortzen dizkion sentimenduak herritarrei helaraztea ere nahi luke; "lasaitasuna, segurtasuna, harmonia, sakontasuna, misterioa…".

Argazki inpresionistak direla dio egileak. "Inpresionismo piktorikoaren ezaugarria da obrak pintzelkada azkarrekin eta errealismotik aldentzeko asmoarekin egindakoak izaten direla. Koloreak mihisean nahasten dira, eta ez paletan; eta argia, airea eta atmosfera islatzen dute. Figurek, berriz, ertz definiturik ez dute izaten, urrutitik begiratu behar dira jakiteko zer diren. Saiatu naiz ezaugarri horiek nire lanetan isladatzen". Horretarako erreminta bakarra argazki kamera du, ordea. "Kamerarekin egindako mugimenduak dira nik erabilitako teknika, eta ez dut inongo programa informatikorik erabili lan hauek egiteko".

Garaik astelehen goizean zintzilikatuko ditu lanak Orioko Kultur Etxeko areto nagusiko hormetan, eta han egongo dira ikusgai hilaren 19ra arte, Kultur Etxea irekita izaten den ordutegian. Azaroaren 15ean, berriz, bisita gidatua eskainiko du, 18:00etan hasita. Erakusketaren inguruan azalpen gehiago nahi dituztenentzat aukera ezinhobea izango da hori.

Hamahiru irudiez gain, Art Nature argazki liburua ere ikusgai eta erosgai egongo da Kultur Etxean. Bere ibilbidea laburbiltzen du argitalpen horrek, eta artelan bat da bere horretan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide