Fermin Lazkanok hirugarren egin du Gipuzkoako Longboard Txapelketan

Iñigo Gaiton 2021ko urr. 25a, 15:21

48 urterekin lortu du Lazkanok podiumean sartzea, atzo Zurriolan jokatutako surf txapelketan.

Modalitate desberdinetako Gipuzkoako surf txapelketak jokatu ziren atzo eta herenegun Donostiako Zurriola hondartzan. Fermin Lazkano longboardarekin (taula luzearekin) ibili zen lehian, eta hirugarren eginda itzuli zen etxera.

Surflariak azaldu duenez, finalaurreko txandan "oso gustura" ibili zen surfean, eta aurrena eginda lortu zuen finalerako txartela: "Borobil atera zitzaizkidan gauzak. Hang ten (maniobra zailenetakoa) bat ere egin nuen olatu batean. Baldintza politak izan genituen lehen txandan: metro erdiko olatu luze antzerakoak, eta hegoko haize leuna".

Finalean, ordea, ez zen nahi bezala moldatu. "Baldintza zailagoak izan genituen, baina hori ez da aitzakia, partaide guztientzako igualak izan zirelako. Besteak ondo ari zirela ikusita, urduri jartzen hasi nintzen, eta horrek erabaki txarrak hartzera bultzatu ninduen. Olatuak ez nituen ondo aukeratu", azaldu du.

Azken txandan bere surf onena erakutsi ez izanaren "pena" geratu zitzaion Lazkanori, baina kontentu da emaitzarekin: "48 urte ditudala kontuan izanik, ez dago gaizki... kar kar kar".

Euskal Herrian jokatu duen lehen txapelketa ofiziala izan da hau surflariarentzat. Aurretik, duela bi urte, Salinasen (Asturias, Espainia) ere parte hartu zuen beste lehiaketa batean, eta han ere lortu zuen podiumean sartzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide