Orioko Udalak udazkenerako prestatutako kultur egitarauaren barruan, Andoni Agirregomezkortak eta Itziar Urretabizkaia aktore oriotarrak Bost minutun antzezlana aurkeztuko dute Arraunetxen. Emanaldia urriaren 29an izango da, ostiralarekin, 19:00etan hasita, eta sarrerak gaur, ostirala, jarriko dituzte salgai. Hain zuzen ere, 16:00etik aurrera egongo dira eskuragai Kultur Etxean. Sarrera bakoitzak hamar euro balioko du.

Txalo Produkzioak konpainiaren antzezlana abuztuan estreinatu zuten Donostiako Antzoki Zaharrean. Antzezlanean, Urretabizkaia Nekaneren azalean jarriko da, Agirregomezkorta Koldorenean. 42 urteko emakumeak eta bere bikoteak haurdunaldi testa egin dute eta bost minutu falta dira emaitza jakiteko. Hainbat zalantza sortuko zaizkie protagonistei denbora tarte horretan: “Guraso izateko prest ote daude? Gurasoak izan nahi al dute? Aurrerapauso bat da edo amildegira jauzi bat? Nekanerentzat, 42 urterekin, bere azken aukera izan daiteke ama izateko. Koldok urte batzuk gehiago dauzka eta heldutasuna lortzeko behar duen aitzakia litzateke aitatasuna. Baina, hori al da nahi dutena? Datorrena datorrela…”. Ezkajintasuna, antsietatea, beldurra, itxaropena eta beste hainbat emozio sentituko dituzte Nekanek eta Koldok Bost Minutun komedian. Idoia Bilbaok zuzendu du lana.