HaurrakSOS plataformak deituta, Lehen Hezkuntzan uneoro maskara erabili beharraren kontra protestak egin dituzte gaur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan; eta halaxe egin dute Orion ere. Haurrek arratsaldeko jarduna bukatu dutenean, dozenaka gurasok elkarretaratzea egin dute Orioko Herri Ikastolako atarian.
Alarma egoera indargabetu eta bi egunera, Hezkuntzako protokoloa berrikusi zuen Eusko Jaurlaritzak, baina Lehen Hezkuntzan apenas egin zuen aldaketarik. Adin horretako umeek txertorik hartu ez dutenez, maskara uneoro jantzita izatea beharrezko jo zuen Jaurlaritzak; atarian dabiltzanean edo gorputz hezkuntzako eskoletan ere ezin dezakete maskara erantzi.