Giro paregabea izan da FederArte jaialdian eta arraun surf txapelketan

Maria Maya Manterola 2021ko urr. 16a, 17:13

Eguraldia lagun, surfzale ugari gerturatu da Orioko errio ingurura. Gipuzkoako SUP Txapelketaz gain, jarduera ugari izan da herrian, kirola eta kultura ardatz hartuta.

Kirola eta kultura uztartzen dituen FederArte jaialdia ospatu da laugarren urtez Orion. Eguraldia lagun, surfzale ugari gerturatu da herrira, eta hainbat jardueraz gozatzeko aukera izan dute. Txiki SUP eta SUP saio inklusiboez gain, gainera, Gipuzkoako arraun surf txapelketaren proba jokatu da errioan. 

Arraunetxe paretik irten dira kirolariak. Honako kategoriek parte hartu dute lasterketan: 14 urtez azpikoek, 16 eta 18 urtez azpikoek, amateurrek eta, azkenik, open mailakoek. Azken horiek hamar kilometroko ibilbidea osatu ondoren itzuli dira berriz ere Arraunetxe parera. Bertan egin dute sari banaketa, Gipuzkoako Surf Federazioko kideekin eta udal ordezkariekin batera.

Maialen Saez GSFko lehendakari eta Euskal Herriko Surf Federazioko lehendakariordeak haur eta gazteen parte hartzea aipatu du, eta arraun surfak etorkizuna baduela nabarmendu nahi izan du. Bestalde, kirola balio batzuen bueltan egitearen garrantziaz aritu da, eta horretarako jaialdian antolatutako jarduerak aipatu ditu, besteak beste, SUP inklusiboa. 

Arratsaldean emango diote jarraipena jaialdiari, surf skate inklusiboa egiteko aukera izango baita. 18:30ean Yo Ciervo taldea Arraunetxen ematekoa zen kontzertua, aldiz, bertan behera gelditu da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide