Patxi Frances: "Nik nahi nuen garaian iritsi zait Orio zuzentzeko aukera"

Mikel O. Iribar - Berria 2021ko urr. 16a, 16:15

Patxi Frances. (Ataria)

Tolosaldean hiru urte "zoragarri" eman ostean, ez da nahiko zukeen moduan agurtu. Halere, "gogoz" hartu du erronka berria. Aitortu duenez, "ordu gutxi" behar izan zituen Orioren eskaintza onartzeko. Berria egunkariak elkarrizketa egin dio Patxi Francesi, Orioko nesken entrenatzaile berriari.

Urteen zama nozitzen duen arren, begirada zorrotza ez zaio kamustu Patxi Francesi (Donostia, 1958). Itsaso zabalari begirik kentzen ez diola hartu du telefonoa, hori kolorea duen traineru bat ortzi muga zeharkatzen ikusten duen bitartean.

Denboraldia amaituta, arraun mundutik denbora batez aldentzeko gogoa izango zenuen, ezta?

Azken estropadek eragin didaten presioagatik, apur bat saturatuta amaitu dut denboraldia; besteak beste, Kontxako Banderako sailkatze estropadagatik edota igoerako kanporaketagatik. Azken hilabetea estresagarria izaten da; are gehiago, helburuak lortzeko aukera handiak dituzunean, guri [Tolosaldeari] tokatu zaigun moduan. Hortik kanpo, ordea, nahiko ondo eraman dut denboraldi osoa.

Esan zenuen taldeko gehienek jarraitzen bazuten zeuek ere Tolosaldean jarraituko zenuela. Segidarik ez da egon, ala?

Titularra izan den eskifaiatik bi arraunlarik ez zutela jarraituko jakin nuen, ezta patroiak ere. Ez dugu ahaztu behar soilik lau talde lehiatzen diren gorengo mailara igo dela Tolosaldea. Euskotren ligan maila oso altuko hiru talde daude. Onenekin lehiatu ahal izateko, aurreko sasoiko taldea mantendu eta indartu beharra zegoen, eta ez da lortu. Horregatik, taldea uzteko erabakia hartu nuen.

Euskotren ligara igotzea lortuta, beldurrik bazenuen arraunlari batzuen bila etorriko zitzaizkizuela agian?

Ez! Tolosaldean ez jarraitzeko erabakia hartu dutenek, oraingoz, datorren urtean ez dute arraunean jarraituko. Haiek hartutako erabakia guztiz errespetatu nuen.

Arraunlariak agurtzeko aukerarik izan zenuen?

Beste era batera agurtzea gustatuko litzaidake, baina egoerak dena baldintzatu du. Guztia oso azkar joan da, eta badakizu sare sozialak nolakoak diren; mundu guztiak zuk baino lehenago jakiten du albistea. Hori dela eta, agurra ez zen gustukoa izan.

Ez dizu penarik ematen azken hiru urte hauetan entrenatzaile gisa jardun zaren taldearekin gorengo mailan ez debutatzea?

Azken batean, hiru urte hauetan taldeari nuen guztia eman diot, eta Tolosaldearekin Euskotren ligan ez debutatzeagatik arantzatxoren bat sartuta geratu zait. Halere, bizitzan etapaz etapa goaz; ni beste talde batetik etorri nintzen Tolosaldeara, eta orain beste etapa bati hasiera eman diot.

Irakurri elkarrizketa osorik Berriaren webgunean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide