Ederra izan da udara, baita pandemian ere

Erabiltzailearen aurpegia Malen Iturain 2021ko urr. 12a, 10:30

Malen Iturainek KARKARAren 431. zenbakian plazaratutako iritzi artikulua.

Udatiarrak joan zaizkigu, gaztetxoak eskolaratu dira, askoren oporrak bukatu, traineruak lehorrean daude berriro, arraunlariei eta udako langileei atseden ondo irabazia iritsi zaie, Gure Zirkuko kantuak eta algarak isildu dira… Udara badoa denontzat, udazkena datorkigu, bestelako garai baten hasiera.

Aurtengo udara berezia izan da, klimatologiaren aldetik: eguzkia ez dugu ikusi ia batere, iraila iritsi arte, baina euri askorik ere ez dugu izan, egun lainotuak eta lehorrak izan ditugu uztaileko eta abuztuko gehienak, eta holakoetan beti gertatu ohi den bezala, iritzi eta desio desberdinak adierazi dituzte herritarrek, hondartza-zaleek eguzki gehiago nahi, eta beste batzuk euria eskatzen.

Bestela ere, berezia izan da aurtengo udara, aurreko urtekoa bezalaxe. Birusak hortxe segitzen du, egoskorra da, ez du alde egin nahi. Eta eguraldiarekin bezala, herritarrek iritzi eta desio desberdinak adierazi dituzte; denak ez datoz bat erakundeetatik hartutako neurriekin. Gai asko izan dira eztabaidagai, eta inoiz istilu sortzaile ere bai: txertoa, maskara, hondartzako semaforoa, beste aldeko hondartza itxia, tabernen ordutegia, zenbait gazteren jokaera, ertzainena, hedabideen (des)informazioa, ia gai bakarreko albistegiak, herritar askoren artean zabaldu duten beldurra…

Nik, nire udara bizitzeaz gain, beste pertsona askorena nola joan den ikusteko aukera izan dut mugimendu asko duen taberna bateko barraren atzetik. Lanean ordu asko pasatu ditut, eta horrek eraman nau nire denbora libre gutxi hori hobeto aprobetxatzera. Horrez gain, jende askorekiko harremana ekarri dit eta haiekin komunikatzeko aukera, era horretan gauza asko ikasi ditut. Gainontzeko udarekin alderatuta, garbi dago iazkoa eta aurtengoa desberdinak izan direla. Pandemia egoeran jarraitzen dugu, murrizketekin, eta bi urteotan bizitako egoerak guztioi eragin digu, modu batera edo bestera.

Pasatutako urte gogorraren ondoren, egoera honi oso alde positiboa topatu diot eta horrek orokorrean bizitzako beste alderdi batzuk baloratzea ekarri dit. Pandemia garaian, dena itxita egon denean, planak egiteko ohitura eta joera desberdinak sortu ziren, batez ere gazteen artean: mendira joatea, inguruko herriak bisitatzea edota txoko desberdinak esploratzea, eta ohitura horiek mantendu egin dira udaran ere. Bestalde, lanean jende asko ezagutu dut, eta gauza asko ikusi ere bai. Hasteko, turismoa dezente mugitu dela, bisitari asko izan ditugula herrian; eta, aurten, urrutira gabeko gazte ugari etorri zaigula, Gipuzkoako herrietako asko.

Azken boladan bizi izan dugun giro errepresiboaren ondoren, bizitzeko gogo bizia dugula nabarmendu da, gazteengan batez ere. Gazteen sozializatzeko beharra, jende berria ezagutu, parranda egin eta ondo pasatzeko premia izugarriak dira, eta nahiz eta legeak gauza asko egiten utzi ez, irtenbide irudimentsuak inprobisatu ditugu gure artean elkartzeko. Azken batean, jendearekin uneak eta bizipenak partekatzea da momentu honetan aurrera ateratzeko indar handia ematen diguna, nire ustez.

Dagoenari eta esku artean daukagunari etekina ateratzen ikasi behar dugu, eta ahal den ondoen aprobetxatzen, orain eta hemen bizitzen, egoera bakoitzera egokituz. Nik, nire aldetik, penarekin esaten diot agur udarari, aurtengoan inoiz ez bezala disfrutatu baitut, egunerokoan ditugun plazer txikiak disfrutatuz eta txikitasunaren edertasuna gozatuz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide