Orioko Xaltxeren kamiseta berrietakoren bat nahi dutenek, bihar arteko epea dute eskaera egiteko. Xaltxerek kamiseta berriak egin dituzte indarkeria matxista jasaten ari den herriko emakume bati babes ekonomikoa emateko helburuarekin. Hain zuzen ere, kamisetak salduta ateratzen duten diruarekin tramite judizialek eragindako gastuak ordaintzen laguntzea da asmoa.
Hiru kamiseta eredu dituzte aukeran: beltza, laranja kolorekoa eta zuria. 12 euro balio du bakoitzak, baina zenbateko hori baino gehiago ordaintzeko aukera ere izango da, ekarpen handiagoa egin nahi dutenentzat.
Bihar, urriak 7, bukatuko da eskaerak egiteko epea, lotura honetan. Azaroan banatuko dituzte kamisetak.