Datorren urtean herrian TAO sistema berria jartzeko asmoa du Orioko Udalak, eta sistema horrek nolakoa izan behar duen zehazten joateko bi bilera egin zituzten joan zen hilean. Alde batetik, merkatari eta ostalariekin bildu zen udala; eta bestetik, herritarrekin. Bilera horietan partu hartu zuten guztiei eskerrak eman dizkie, eta aurrerantzean egingo dituztenetan ere parte hartzeko eskatu die.
Udalak azaldu du bilera horietan denen iritziak eta proposamenak jaso zituela, eta dagoeneko dagokion batzordean eztabaidatu eta landu dituztela horiek. Orain, mahai teknikoa arduratuko da sistema berriaren inguruan zehaztapen gehiago lantzeaz.
Behin hori egindakoan, berriz ere merkatari eta ostalari, eta herritarrekin bilduko da udala, landutako proposamena azaltzeko, eta bilera horietan parte ere parte hartzeko deia egin die herritarrei. "Egunerokoan eragiten digun gaia izanik, udalak herriko eragile eta herritarrekin partekatu nahi izan ditu sistema berriaren inguruko xehetasunak. Bilera ireki horiek herritarren hitzak entzuteko espazioak dira eta udalak horietan parte hartzeko garrantzia azpimarratu nahi du gonbita luzatuz".